XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mañu eta Jeanne MILLOX ACHERITOGARAY (SENPERE) Lapurdi JOKINEN USTEGABEKERI MIRESGARRIAK.

Duela aspaldi, biziki aspaldi, Euskal Herriko herrixka batean, herrixka hain ttiki bat ez baitzen nihun ere aipatua, bizi ziren senar-emazte gazte batzu izena zutena Mikel eta Joana.

Hauek, iduriz bertze herrixkako jende guziak bezala ziren: beti gogorki lanean, beti dirurik gabe, bainan zorionez beleak, hain ziren hango bazterrak ederrak eta goxoak: mendi urdin, belar berde, zilarrezko iturri, oihan ospetsu, itsaso paregabeko....

Mikel eta Joana bertze guziak bezala zirela? Segurki ez ziren arras hala, biak, bat bertzea bezain onak ziren: ona jendentzat, erran gabe doa, ona aberentzat, ona oihanean edo mendian bizi ziren guzientzat.

Mikelek ez zuen maite ihizia: zer dretxoz hil punpeka belarrean ibilki den erbi eder hura, bere erresuman da; eta xorien kantu xaramelak gabe, zer liteke zerua?.

Ez zuen gehiago maite arraintza: xipek eta amarrainek zilarrezko xingola bat egiten zuten ur freskoan....

Oihaneko mamutzak, xinaurriak, urtxintxak, denak ari ziren beren lanetan eta Mikelek maite zituen.

Lurreko lanaz bizi ziren beraz, Mikel eta Joana, beren oiloek emanez arroltzeak, eta beren jakiaz ongi xahartuta hiltzen zirelarik; bazakiten gasna egiten eta bertze ainitz gauza.

Ez zuten gauza haundirik, bainan oraino aski bertzen laguntzeko.